Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu

Etika eta teknologia

Etika Aplikatuko Zentroak digitalizazioaren eraginaren inguruko hausnarketa etikoan parte hartzen du, irakaskuntza, ikerketa eta transferentziako jardueren bidez. Asmoa hau da: teknologia humanizatzea eta gizarte bidezkoagoak eta inklusiboagoak eraikitzea. 

Garapen teknologikoa gizartea aldatzen ari da, ekonomia eta politikatik hasi eta kulturara. Iraultza horrek aukera berriak zabaldu eta erronka etiko berriak planteatzen ditu giza eskubideekin eta pertsonen duintasunarekin lotuta. Pribatutasunerako eskubidea, algoritmoen erabilera eta diseinuaren gardentasuna edo testuinguru teknologiko berriek planteatzen dituzten erronkak era askotakoak dira eta hausnarketa etiko berriak eskatzen dituzte. Eginkizun hori bere egiten du Etika Aplikatuko Zentroak. 

Aldaketa teknologikoak bizkortu egin dira azken urteotan, adimen artifiziala eta robotika oldarka sartzean. Planteatzen dituzten erronka etikoak gero eta agerikoagoak dira erakunde publiko eta pribatuetan: datuen erabilera edo enplegatuen eta enplegu-emaileen arteko harremanen aldaketa gizartean garrantzi handiko gaiak dira.

Testuinguru horretan, Etika Aplikatuko Zentroak beste ikerrildo bat garatu du etika eta teknologiari lotuta. Teknologia berriak garatu eta ezarriko dituzten etorkizuneko profesionalen eta zuzendarien prestakuntzaren ardura hartu du azken urteetan Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak. Hango ikertzaile eta laguntzaile berriak sartzeak bultzatu du ildo hau sortzea.

Etika Aplikatuko Zentroak eta Ingeniaritza Fakultateak hainbat ekimen bultzatzen dituzte, hausnarketa etikoa Fakultateko irakaskuntzan, ikerketan eta ezagutzaren transferentzian txertatzeko, Teknoetika proiektuaren bidez.

Teknoetikaren lehenengo ekimenetariko bat ‘sen etikoa’ gaitasun ebaluagarri gisa kontuan hartzea izan da Fakultateko gradu eta master amaierako proiektuetan. Gaitasun horri esker, etorkizuneko ingeniariek etika izaten dute kontuan ikerketa proiektuak egiten dituztenean.

Etika Aplikatuko Zentroak eragin publikoko ekimenetan ere hartzen du parte. Deustuko Unibertsitateak garatu duen Giza Eskubideak Ingurune Digitaletan adierazpena prestatzen lagundu du. Adierazpen horrek 16 giza eskubide berri jasotzen ditu, fenomeno teknologikoak eta inguru digital berriak sortzeari lotuta.

Eskubide horien artean daude algoritmoen erabilera, pribatutasuna babestea, datuen erabilera, digitalizaziorako eskubidea, erabakiak hartzean azken instantzian gizaki bat izateko eskubidea, edo ekonomiari lotutakoak, esaterako, kontsumitzaileen eskubideak merkataritza digitalean.

Adierazpenak printzipio hauek ditu oinarri: gizakia lehenestea bestelako sormen guztien gainetik, teknologia barne; edo ekitatea eta justizia unibertsala gizakiari bizitza duina izatea ahalbidetzen dioten ondasun eta eskubideak babestea eta gozatzea.