Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2019ko azaroak 14Bilboko Campusa

Euskal Herrian indarkeriaren biktimen eta memoria hurbilaren inguruko eztabaida: “gizarteak ezagutu egin behar du aitortzeko"

Azaroaren 14a Memoriaren eguna da. Hori dela eta, eta Eusko Jaurlaritzaren eta unibertsitateen arteko lankidetza hitzarmenaren barruan, Deustuko Unibertsitateak mahai-inguru bat antolatu zuen, Giza Eskubideen Institutuaren laguntzarekin. Mahai-inguru hori azaroaren 13an egin zen, Euskadiko indarkeriaren biktimen oraintsuko memoriaren inguruan. Bizikidetzan laguntzeko, jardunaldiaren asmoa zen gogoeta egitea, Giza Eskubideen Institutuak eta Etika Aplikatuko Zentroak bizikidetzaren eta giza eskubideen planaren barruan egindako txostenetatik abiatuta.

Jardunaldia Gorka Urrutiak, Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuko (Deustu) zuzendariak, moderatu zuen eta aurretik Memoriaren eraikuntza prozesuetan parte hartu zuten indarkeriaren biktimak ere etorri ziren.

José Ramón Intxaurbek, Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutukoak, Eusko Jaurlaritzak Institutuari eskatu zizkion txostenez hitz egin zuen. Horien helburua gizarteari zuhurtasun elementuak transmititzea da, memoriaren kontaketa bat eraikitzeko. “Eskubide eta betebehar bat da, memoriak bidezkoak izan eta ez errepikatzeko bermea izan behar duelako”. Horrela, ETAk mehatxatu zituen pertsonen txostenak gogorarazi zituen, ertzainen taldeari eta haien familiei zuzendutako mehatxuei buruzkoa, eta beste txosten bat presondegiko politikak presoen familiei nola eragin zien. Kasu hauetan guztietan, Unibertsitateak lehen hurbilketa kuantitatibo bat egin zuen. Gizarteak gertaera batzuen inguruan kontzientzia hartu eta jasotako indarkeriaren inguruan hausnarketa bat egitea bilatzen zuen hurbilketa horrek.

Unibertsitateak txosten horiek osatu zituen Etika Aplikatuko Zentroaren bitartez, ikerketa kualitatiboagoekin, sufritzen duten pertsonen ahotsak erabiliz, izan ere, “memoria errestauratiboa da edo ez da”. Zentzu horretan, ETAk enpresariei egin zien estortsioari buruzko txostena aipatu zuen Izaskun Saez de la Fuentek. Horren helburua 10.000 pertsona baino gehiagoren isileko sufrimendua aditzera ematea zen. “Oharkabean pasatu zen delitua eta, are gehiago, horretaz hitz egitea tabua zen”. Estortsioa, kasu batzuetan, gurasoetatik seme-alabetara pasatzen zen eta gizarteak ez zuen ezer egin horren gainean. Saez de la Fuente irakasleak Etika Aplikatuko Zentroaren beste lan bati buruz hitz egin zuen, gida metodologiko bat, instituzioei beren iraganaren gainean lan egitea ahalbidetzen diena. Deustuk argitaratu duen liburu bati buruz ere hitz egin du: Memoria y reconciliación lanaz. Liburuak, Unibertsitatearen historia berreraikitzen du giza eskubideen eta horiekiko konpromisoen urraketaren ikuspegitik.

Mari Carmen Hernándezen ustez, Deustuko txosten horiek memoriaren arazoa gizarteratzen dute, oso garrantzitsuak dira historia aditzera emateko eta, batez ere, hori bizi izan ez zuten gazteentzat. Ikasteko balio duen hausnarketa kritikoa eskaintzen dute indarkeria eta sufrimenduari zilegitasuna kentzen dielako. Berak Glencree-n egin zituen “Topaketa errestauratiboak” oso modu positiboan baloratzen ditu; izan ere, besteen sufrimenduaren historiak ezagutzeak aurreiritziak alde batera uzten, hurbilketa bilatzen eta enpatia garatzen lagundu zioten.

“Burua erabat nekatuta daukat”. Horrela hasi zuen Iñaki García Arrizabalagak bere aurkezpena. Unibertsitatean zegoen bitartean bere aita hil zuteneko esperientzia kontatu zuen, bizi izandakoagatik erabateko gorroto eta erresuminezko momentuak pasatu zituen, Gesto por la Paz erakundearen laguntzari esker aldatzea erabaki zuen arte. Gorrotoa atzean utzi eta memoriaren alde lan egiten hasi zen. “Topaketa errestauratiboek bizitza aldatu zidaten”. Gaur Adi-Adian programan egiten dut lan. Eta, nahiz eta batzuetan nire bizitza normala berreskuratu nahi dudala pentsatu, ezin dugu utzi gure bizitzako 50 urte baino gehiago ahazten”.

Bere ustetan, lan egiten jarraitu behar da, oraindik ezezagunak diren hainbat gauza eta egin beharreko asko daudelako. Gizarteak memoriaren alde lan egiteko duen interesa zalantzan jartzen du eta gai hauek ez direla gazteen interesekoak uste du. Bere iritziz, ordea, “memoriak arrazoi politikoengatik indarkeria erabiltzeari zilegitasuna kentzeko” balio du. Horren inguruan, Intxaurbe irakasleak “gizarteak aitortzeko ezagutu egin behar duela” defendatu zuen.

Izaskun Saez de la Fuentek gogora ekarri zuen zenbat kostatu zitzaion gizarteari indarkeriaren amaierarekin irabazten zuenaz konturatzea. Isiltasuneko eta beste aldera begiratzeko urteak izan ziren, Miguel Ángel Blancoren hilketaz geroztik 90eko hamarkadan aldatu baziren ere. “Gizartea ez zen lehen minututik kontra jarri”. Hori dela eta, memoriaren inguruko jardunaldiak egiten jarraitu behar ote den galdetzen diotenean, bere erantzuna baietz da, izan ere, “orainari ekin behar diogu eta etorkizuna ez da iragana ahaztearekin eraikitzen”. Eta gazteen ezjakintasuna ez dela interesik ezaren ondorioa baieztatu zuen; guraso eta aitona-amonek ez zieten gertatutakoaren berri eman, ahaztu egin nahi izan dute. “Isiltasunezko estalki baten modukoa da, lehen beldurragatik eta orain aurrera egiteagatik”. Bere ustez, okerra da, “memoria eta kontaketa denon kontua delako. Iraganean gertatu zenaren inguruan eztabaidatu behar da. Belaunaldi berriekiko betebeharra da”, esan zuen.

Ildo berari jarraiturik, Mari Carmenek uste du Deustuk egiten dituen bezalako ekimenak oso garrantzitsuak direla ikasleek azken hamarkadetan gertatutakoa ezagutzeko. “Gizarte osoak parte hartu behar du, zeren zauriak sendatzen ez badira –Gerra Zibilean bezala- zabalik jarraitzen dute”. Bere senarraren aurkako hilketa eta jazarpen indarkeria bizi izan zuen garaia gogoratu zuen, PPko zinegotzia izateagatik, jasan zuen bakardade eta bazterketa, baita auzokideena ere. “Oso garrantzitsua da aditzea, pertsonei etiketarik ez jartzeko”.

Zorionez, gauzak asko aldatu dira. Unibertsitateek ezagutza sortu eta zabaldu behar dute, ikerketak sortu… Dena oso ondo dago eta bermatu egin behar da memoria lantzen bada indarkeria ez dela errepikatuko. “Gertatu denaren gaineko irakurketa aldatu behar da eta horretan oso garrantzitsua da Unibertsitatearen papera historiaren kontakizun zehatza egiten duelako. Erronka bat da”. Halaxe eman zioten amaiera hizlariek saioari.
 

13/11/2019 - Mesa redonda “Memorias para la convivencia”