Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2020ko otsailak 20Bilboko Campusa

Deustu izango da unibertsitateek justizia eta bakea sustatzean duten eraginari buruzko nazioarteko I. foroaren egoitza (16. GJH )

Deustuko Unibertsitateak THE-Times Higher Education erakundeak antolatutako nazioarteko lehenengo foroa hartuko du otsailaren 20an eta 21ean, Nazio Batuen 16. GJH (Garapen Jasangarrirako Helburuak) helburua, justizia eta bakea sustatzean unibertsitateek izan behar duten eragina aztertzeko. THE britainiar erakunde ospetsuak Deustu aukeratu du topaketa horren egoitza izateko eta GJHak bultzatzen gure Unibertsitateak duen papera aitortzeko. Izan ere, 2030 Agendan unibertsitateen ekarpenari buruzko THE munduko rankingaren lehenengo edizioak munduko 27 onenen artean kokatu zuen Deustu.

THE University Impact Forum" ekitaldiak mundu osoko liderrak bilduko ditu Deustun, baita nazioarteko akademiko ospetsuak ere, unibertsitateek, ohikoak diren ezagutza sortzeaz eta hezkuntza emateaz gain, justizian, bakean eta giza eskubideen babesean zein paper bete ahal eta behar duten eztabaidatzeko eta aztertzeko. Hizlarien artean, Auckland, Georgetown, Leiden, Oxford, Londres, George Mason, De Montfort eta Deustuko unibertsitateetako aditu ezagunak egongo dira. Egin dituzten ikerketa, ideia eta irtenbideak bateratuko dituzte, garapen jasangarriko helburuetan aurrerapausoak emateko, oro har, eta GJHko 16.ean bereziki.

200 aditu inguruk hartuko dute parte ekitaldi global horretan. Hiru ardatz nagusi izango ditu: unibertsitatearen misioa eta hezkuntzaren, ikerketaren eta transferentziaren ekarpena 16. GJHan; unibertsitatearen gizarte mailako konpromisoa sustatzeko politika publikoak eta horien ekarpena eragile aktibo gisa; eta unibertsitatearen eta gizarte zibilaren arteko interakzioa eta bakerako, justiziarako eta erakunde sendoetarako sareak eratzeko eta lankidetzarako estrategiak.

Gailurrak datuen beste analisi esklusibo bat ere aurkeztuko du. Ekitaldirako sortua izan da, Times Higher Education-en Unibertsitateko Eraginaren Rankingean oinarritua. Erakunde batek gizartean duen eragina aztertuko du, Nazio Batuen Erakundeko Garapen Jasangarrirako Helburuetan oinarrituta. Amaiera ekitaldian Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk hartuko du parte.

Hizlari nagusiak

Hizlarien artean hauek daude:

Hind Kabawat, Siriako Negoziazio Batzordearen bulegoko zuzendariordea Genevan eta George Manson Unibertsitateko Erlijioen Zentroko eta Munduko Diplomaziako Erlijioen arteko Bakea eraikitzeko zuzendaria. 2012tik, aldian-aldian gatazkak konpontzeko eta bakea eraikitzeko tailerrak egin ditu komunitateentzat Siria barruan, baita Jordanian eta Turkian lekualdatuta dauden siriar errefuxiatuentzat ere.
Ejup Ganić, Sarajevoko Zientzia eta Teknologia Eskolaren sortzailea. Hezkuntzaz zuen ikuspegiari forma eman zion katalizadore gisa, herrialdeak aurrera egin zezan. Bosnia-Herzegovinako kargurik altuenetan egon da: Bosnia eta Herzegovinako Federazioko presidente izatera heldu da.
Federica D’Alessandra, Oxfordeko Unibertsitateko Etika, Zuzenbide eta Gatazka Armatuen Institutuko Bake eta Nazioarteko Segurtasun Programako zuzendari exekutiboa. 2017an, lege eta politika mailako 30 enpresaburu liderren Forbes zerrendan sartu zuten.
Dan Plesch, Londreseko Unibertsitateko SOAS Nazioarteko Ikasketa eta Diplomaziako Zentroko zuzendaria, munduko diplomazia arloko hezkuntzako zentrorik handienekoa. Arma nuklearrak eta armen merkataritza murrizteko ekimen globaletan hartu du parte.
Phil Baty, THE erakundeko Ezagutzen zuzendaria, unibertsitateko errendimendu eta estrategiako nazioarteko aditua, 22 urte baino gehiagoko esperientzia duena goi mailako hezkuntza globalean. Times Higher Education World University Rankings ospetsuaren editore izan da hamarkada batean.
Jennifer Curtin, Aucklandeko Unibertsitateko Politika Publikoen Institutuko zuzendaria.
Mark Charlton, DMU-De Montfort University-ko Square Mile programa sarituaren zuzendaria. Programa horrek unibertsitatea eta komunitatea lotu eta unibertsitatea ondare publikoa dela erakutsi nahi du. Haren ikerketak goi mailako hezkuntzan onura publikoa sustatzen duten politikak hartzen ditu ardatz eta unibertsitatearen estrategiak aztertzen ditu tokiko komunitateetan gizarte bazterketa jorratzeko.
Alanna O’Malley, Leideneko Unibertsitateko UN Studies: Bakea eta Justizia Katedrako zuzendaria. Nazio Batuen historian, Afrikaren deskolonizazioan, Kongon, Gerra Hotzean eta nazioarteko lankidetzan espezializatutako historialaria da.
Carla Koppell, GIWPS Georgetown-eko Emakume, Bake eta Segurtasunerako Institutuko kidea.
Salustiano Mato, Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziako (CRUE) presidenteordea.

José María Guibert errektorearen iritziz, THE University Impact Forum Deustun ospatzeak “indartu egiten du Deustuk GJHen eta 2030 Agendaren alde egin duen apustua eta ekarpena egiteko asmo sendoa”. Izan ere, Deusto 2022 Plan Estrategikoak 2030 Agenda jartzen du Planaren helmugan. “Ez zen itxurakeria hutsa. Gure apustua eta gure borondatea da garapen jasangarri, sendo eta erabakigarria egitea. GJHetan konprometituen dagoen unibertsitateen artean egotea akuilurik hoberena da planetako garapen jasangarriaren eta justizia sozial osoaren alde lan egiten jarraitzeko”.

Mundu mailako ekitaldi hori ospatuta, Deustuko Unibertsitateak bat egiten du Kaliforniako Unibertsitatearekin, Berkeley-rekin, Hong Kong-eko Zientzia eta Teknologia Unibertsitatearekin eta Londreseko King’s College-rekin, Times Higher Education foroa hartu duten erakundeen taldean.

Argibide gehiago.