Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2020ko apirilak 22Bilboko Campusa

Deustu munduko 20 unibertsitate onenen artean Nazio Batuen 16. GJHa (gizarte bidezko, baketsu eta inklusiboen sustapena) bultzatzen

Deustuko Unibertsitatea zorioneko dugu gaur. The Impact Rankingak, unibertsitateen eragina neurtzen duenak eta Times Higher Education erakunde britainiar ospetsuak gaur arratsaldean Londresen argitaratu duenak, munduko 20 unibertsitaterik onenen artean kokatu du Deustuko Unibertsitatea Nazio Batuen 16. GJHa bultzatzen, alegia, gizarte bidezko, baketsu eta inklusiboak sustatzen.

Ranking horrek unibertsitateek gizartean duten eragina neurtzen du mundu osorako metodo homogeneoak erabiliz, eta Nazio Batuen eta 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) betetzeko egiten duten ekarpena ebaluatzen du. Aurten 89 herrialdetako 850 unibertsitate baino gehiagoren informazioa jaso du.

Iaz ere aitortu zitzaion Deustuko Unibertsitateari gizarte bidezko, baketsu eta inklusioen sustapenean egindako lana, 27. postuan sailkatu baitzen munduko unibertsitateen artean. Hori dela eta, THE University Impact Forum. Peace and justice foroaren egoitza hautatu zuten eta otsailaren 20an eta 21ean mundu zabaleko 150 aditu baino gehiago bildu ziren Deustuko Unibertsitatearen Bilboko campusean. Aurtengo edizioan Deustuk 2019ko sailkapen hura hobetu eta lehenengo 20en artean kokatu da 16. GJHan. Rankingak bereziki baloratu ditu Deustuko Unibertsitatearen inpaktu sozialeko ikerketa eta tokiko, estatuko eta nazioarteko erakundeekiko lankidetza eta ekarpenak.

Bestalde, rankingak 25. postuan kokatu du Deustuko Unibertsitatea 8. GJHan (lan duina eta hazkunde ekonomikoa). Deustuk inguruko ekonomia eta gizarte eragileekin dituen harreman estuek eta kalitatezko prestakuntzaren, enpleguaren eta ekintzailetzaren alde egiten duen ahaleginak pisua izan dute 8. GJHan hain emaitza ona lortzeko.

José María Guibert errektoreak azpimarratu du nazioarteko aitorpen horrek “unibertsitate proiektu bat eta konpromiso bat hartu dituela aintzat. Deustuko Unibertsitatea gaur erreferentea da nazioartean, mundu bidezkoagoa, gizatiarragoa eta jasangarriagoa lortzeko duen konpromisoagatik. Eta horrek esan nahi du bere hezteko eta ikertzeko eredua balio horien zerbitzura dagoela, eta ikasle, irakasle eta ikertzaileek balio horiekiko konpromiso sendoa dutela. Erreferentea gara munduan, bikaintasun akademikoaren erreferentea eta gizarte erantzukizunarekiko konpromisoaren eta ahaleginaren erreferentea. Horiek dira Deusturen nortasun ezaugarriak 2020an”.

“Zinez eskertu nahi dut -jarraitu du errektoreak- ehunka gizarte erakundek, administrazio publikok eta enpresak Deustuko Unibertsitatean jartzen duten konfiantza elkarrekin lan egiteko gutako bakoitza baino haratago doazen helburu sozialen alde. Arazo globalek diziplinarteko irtenbideak behar dituzte, era askotako eragileek pentsatuak eta praktikara eramanak”. Eta hitz hauekin amaitu du: “Unibertsitateok eginkizun bat bete behar dugu: gure “expertise”a eskaini eta lidergo soziala eraman denoi dagozkigun arazoetarako irtenbide berriak emateko jakintza eta zientziatik. Deustu “hub” bat da orain eta “hub” horretan kanpoko, bertako eta nazioarteko eragile askok hartzen dute parte gizartean eragina izan nahi duten egitasmoetan eta ikerketa proiektuetan, mundu konplexu honetarako konponbide berriak bilatzeko eta eskaintzeko”.

 

Informazio gehiago.