Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu

Nortzuk gara?

Aurkezpena

EDUARDO RUIZ  DecanoOngi etorririk beroena eman nahi dizut Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko webera. Bertan, informazio osoa aurkituko duzu gure prestakuntza eta ikerketako eskaintzaz, lan taldeak osatzen ditugun pertsonez, edo Bilboko eta Donostiako campusetako azpiegituraz. Gure eguneroko jardueren inguruko informazioa ere aurkituko duzu eta zeuk ere parte hartu ahal izango duzu.




Eduardo J. Ruiz Vieytez
Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatea Dekanoa

Historia

Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatea 2009an sortu zen ofizialki, 17 ikastegik bat eginda. Hona hemen ikastegiak:

Informazio gehiago
Ezkutatu informazioa
+-
  • Filosofia eta Letren Fakultatea (Bilbao)
  • Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Filosofia Saila (Bilbao)
  • Soziologia eta Politika Zientzien Fakultatea (Bilbao)
  • Giza Zientzien Fakultatea (Donostia)
  • Gizarte Laneko Unibertsitate Eskola (Bilbao)
  • Gizarte Laneko Unibertsitate Eskola (Donostia)
  • Turismoko Unibertsitate Eskola (Bilbao)
  • Turismoko Unibertsitate Eskola (Donostia)
  • Zuzendaritzako Idazkarien Eskola (Bilbao)
  • Euskal Irakaslegoa
  • Hizkuntza Modernoen Ikastegia
  • Espainierako Nazioarteko Ikastegia
  • Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutua
  • Aisiako Ikaskuntzen Institutua
  • Euskal Gaien Institutua
  • Europako Ikaskuntzen Institutua
  • Etika Aplikatuko Zentroa

Beraz, Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateak DUko tradiziorik handieneko ikastegietako batzuen ondarea jaso du. Zehazki, aurreko Filosofia eta Letren Fakultatea, aspaldi Letren Fakultatea zena, Deustuko Unibertsitatea 1886an sortu zenean eman ziren lehenengo ikasketen oinordeko zuzena zen.

Bilboko campusari dagokionez, Turismoko eta Zuzendaritzako Idazkaritzako ikasketak 1964an hasi ziren ematen, eta Gizarte Lanekoak, 1992an, zein bere eskolan. Soziologia eta Politika Zientzien Fakultatea, berriz, 1974an sortu zen Bilboko campusean. Horiekin batera, Hizkuntza Institutua 1963an agertu zen lehenengoz; eta institutuak hamar urte geroago eratu ziren: Euskal Gaietakoa 1974an, eta Europako Ikaskuntzetakoa 1979an. Geroago sortuko ziren Aisiako Ikaskuntzen Institutua, 1988an, eta "Pedro Arrupe" Giza Eskubideen Institutua, 1997an.

Donostiako campusa 1960-61ean hasi zen Letretako ikasketak eskaintzen. 1969 eta 1991 bitartean, Bilboko Filosofia eta Letren Fakultatearen eskutik, eta 1999-2000tik, Giza Zientzien Fakultate gisara funtzionatu zuen. Turismoko eta Gizarte Laneko Eskolak 1964an eta 2002an eratu ziren, hurrenez hurren; eta Hizkuntza Zentroaren lehen pausoak 1962-63 ikasturtekoak ditugu.

2009an, ikastegi horien guztien eskarmentua batu egin zen proiektu berri bat eratzeko: Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatea. Ondare hori guztia gurea dela onartuta eta sentituta, Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatea sinergiak batzeko eta unibertsitatearen erronka berriei aurre egiteko sortu da: Europako espazioa eratzeko; "DUko Hezkuntza Eredua" izenekoan hezurmamitutako berrikuntza pedagogikoari ekiteko; kalitatearen kultura sendotzeko; erakundea berritzeko; nazioartera zabaltzeko prozesuari jarraipena emateko; ikerketa bikaina egiteko eta jakintzaren sorkuntza eta transferentzia suspertzeko.

Deustuko Unibertsitateak gure garaiko aldaketen analisi zientifikoa eskaintzen dio gizarteari, baita pertsonen goitik beherako prestakuntzarako proiektu bat ere, justizia sozialarekin konprometitua. Horren barruan, Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateak hainbat ikuspegitatik aztertzen du aldaketa-prozesuek pertsonengan eta haien bizimodu eta kulturetan duten eragina. Era berean, berariazko konpromisoa du euskal gizarte eta kulturarekin. Gure prestakuntza eta ikerketa proiektuak kontzientzia kritikoz eta justizia zerbitzatzeko eraikitzen dira, nazioartekotzea, diziplinartekotasuna eta kulturartekotasuna bitarteko erabiliz.

Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatea DUko fakultaterik handiena da gaur egun, bai kontratatutako pertsonei begira, bai eskaintzen dituen titulazioei eta ikasle kopuruari begira. Bi campus dituen fakultateetako bat da gainera, Bilbon eta Donostian, eta diziplina zientifikorik gehien eta ikastegirik gehien batzen dituena DU osoan. DUko jarduera akademiko osoaren % 30 gutxi gorabehera Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatean egiten da egun.
 

Misioa, Ikuspena eta Balioak

Misioa

Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatea Deustuko Unibertsitateko ikastegi bat da eta bere helburua gizartearen eraldaketan, inklusioan eta justiziaren sustapenean ekarpena egitea da beste batzuekin batera, gizarte eta giza zientzien arloetan pertsonen goitik beherako prestakuntza, ikerketa eta transferentzia eginez.

Bereziki, hauek dira Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatearen berariazko helburuak:

  • Gizarte eta giza zientzien jakintza transmititzea, pertsonak goitik behera prestatuz esparru horietan, gizartea alda dezaten beren lanbideetatik.
  • Jakintzaren mugak zabaltzea gizarte eta giza zientzietako ikerketen bidez, modu arduratsu, diziplina ugariko eta kritikotik.
  • Gizartearen eraldaketan eragitea, bizitzan zeharreko prestakuntzaren bidez eta ikerketaren transferentzia aplikatuaren bidez, gizarte, politika eta ekonomia arloetako eragile publiko eta pribatuekin batera.
  • Kristau inspiraziotik eta inklusioaren baliotik abiatuta, kulturen edo identitateen arteko bizikidetza sustatzea askotariko gizarte honetan, fedearen eta kulturaren arteko eta erlijioen arteko elkarrizketa ere bultzatuz.
  • Euskal kultura bereziki sustatzea, berton sustraituta eta mundu osora zabalik, eta bertoko errealitatearekin konprometiturik.
  • Pertsonen elkarte bat osatzea, unibertsitateko zereginetan elkarlanean giza eskubideak sustatu eta munduan justiziaren alde lan egingo duena.

Ikuspena

Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatea ezaguna da bere bikaintasun akademikoagatik, justizia sozialarekin duen konpromisoagatik eta irakaskuntza, ikerketa eta transferentziaren bidez gizartea zerbitzatzeagatik; izan ere,

  • fKritikoa da gizarte errealitatearekin, konprometituta dago aldaketa jasangarriarekin eta solidarioa da pertsona eta talderik behartsuenekin.
  • Gizartearekiko konpromisoa du, hala inkulturazioa eta unibertsaltasuna, nola aniztasuna eta inklusioa baliotzat harturik.
  • Irakaskuntza berritzailea bultzatzen du pertsonak ezagutza eta trebetasun sendoz garatu daitezen, beren prestakuntzaren ardura hartuta.
  • Benetako eragina duten ikerrildo, ikertalde eta ikerketa proiektuak bultzatzen ditu, hots, gizarteak planteatzen dituen erronkei erantzuten dietenak.
  • Unibertsitate- elkarte berritzaile eta sortzailea du, sustatzen dituen balioekin identifikatua eta beste unibertsitate eta erakunde publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzeko prest dagoena.

Balioak

Hauek dira Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatearen balioak:

  • Konfiantza
  • Berdintasuna
  • Inklusioa
  • Justizia soziala
  • Elkartasuna
  • Jasangarritasuna


Konfiantza

Konfiantza erakundeko edo elkarteko gainerako pertsonen jokabidea espero dena, zintzoa, gardena eta elkarlanekoa izango dela uste izatea da. Konfiantza esperientzia bat da eta pertsonen artean eta pertsonen eta gizarteko erakundeen artean dauden harremanetan garatzen da.

Lotutako jokabideak:

  • Elkarrizketarako espazioak sortu, pertsonen arteko elkarreraginari bide emateko, konfiantza sortzeko eta elkarlana sustatzeko.
  • Konfiantza handiagoa izan, elkarrizketa eta lankidetza errazteko.
  • Elkarlanean eta modu gardenean kudeatu.


Berdintasuna

Berdintasunak esan nahi du bazterketarik ez egotea (legezko berdintasuna) ez ezik, posizio berdintasuna (aukerak eta baliabideak) eta parekotasuna (ekintza positiboa) egotea. Berdintasunak ez du homogeneotasunaren edo uniformetasunaren sinonimo izan behar, eta desberdinak garela onartzeak ezin du desberdintasuna justifikatu.


Lotutako jokabideak:

  • Genero ikuspegia erakundearen prozesu guztietan txertatu: irakaskuntzan, ikerketan eta transferentzian.
  • Eguneroko bizitza kudeatzeko baldintzak hobetu Fakultateko lan eta bizikidetza esparruan.
  • Ekintza positiboko neurriak hartu, aukera berdintasuna eta posizio berdintasuna gogoan harturik.


Inklusioa

Inklusioa aniztasuna aitortzea eta errespetatzea da, partaidetza eta boterearen banaketa sustatzea. Aitortzea diogunean esan nahi dugu erakundeko prozesuetan zeresana duten pertsona eta talde guztiek parte hartu ahal izatea berdintasunez, norbere idiosinkrasia kontuan izanda eta idiosinkrasia horrek aintzat hartua izatea oztopatu gabe. Partaidetza diogunean esan nahi dugu taldeko prozesuetan bakoitzari bere ekimen eta erantzukizuna esleitzea. Eta boterearen banaketa diogunean esan nahi dugu pertsona guztiek behar adinako arreta jasotzen dutela eta entzuna dutela ziurtatzea.

Lotutako jokabideak:

  • Bereziki zaindu kultura eta funtzio desberdinetako pertsonek eta taldeek parte har dezaten, partaidetza egiazkoa eta eraginkorra izan dadin bideak jarriz.
  • Aniztasun funtzionala eta kulturala agerian jarri.
  • Kultura eta funtzio desberdinetako pertsonak eta taldeak elkartzeko mekanismoak ezarri.
  • "Gutxiagokeriako” edozein tratamendu saihestu.
  • Hausnarketa partekatuan egin ikusteko zelan funtzionatzen duten eta zeintzuk diren bazterkeria sorrarazten duten pertsona, talde eta erakunde mailako mekanismoak.

 


Justizia Soziala

Justizia soziala gizarteko ondasunen banaketa zuzena lortzea da, pertsona guztien duintasuna eta gizarte kohesioa ziurtatzeko. Justizia sozialak esangura bikoitza du. Alde batetik, gizarte bizitzaren printzipio bat da, banakako ekintza eta Fakultatearen ekintza gidatzen dituena unibertsitateko elkartean. Bestetik, pertsonen izaeraren ezaugarri bat da, gainerako pertsonen duintasuna errespetatuz jardutea, hain zuzen ere.

Lotutako jokabideak:

  • Giza eskubideez arduratu, batik bat oinarrizko askatasunak ahalbidetzen dituzten baldintza materialen bermeari dagokionez.
  • Desberdintasunak zuzentzeko neurriak hartu (materialak eta aitortzakoak).
  • Lankidetzako gizarte harremanak landu, batzuen irabaziak besteen bazterketan, diskriminazioan edo duintasuna behar adina ez aitortzean oinarritu ez daitezen


Elkartasuna

Elkartasuna agindu bat da, eta elkarteari eskatzen dio kalteberatasun eta desabantaila egoeran dauden gizabanako edo gizataldeen alde jarduteko, esku hartze kolektiboaren bidez, bidegabeko kalterik gerta ez dadin edo dagoeneko eginda dagoen kaltea luzatu edo errepika ez dadin. Elkartasuna pertsona guztien duintasunaren aitorpenean oinarritzen da.

Lotutako jokabideak:

  • Enpatia eta hurbiltasuna bidegabekeria sufritzen dutenekiko.
  • Egoera bidegabea aztertzeko gaitasuna (eragileak, erantzukizun maila, etab.).
  • Gizarte harreman bidegabeak ez biderkatzeko edo ez mantentzeko jarduerak garatu.


Jasangarritasuna

Jasangarritasuna erakunde-ekosistema zaintzeari lotutako balio bat da, ekosistema hori kudeatzeko, bertan bizitzeko eta hura aldatzeko moduak denboran irautea ekar dezan eta etorkizuneko langile (irakasle-ikertzaile, ikertzaile eta AZL) eta ikasle belaunaldiei antzeko aukerak emateko gai izan dadin. Oreka lortu nahi du barneko ongizatearen, zerbitzatzen dugun gizartearen ongizatearen eta ongizate horiek ahalbidetzen dituzten baliabiabideen sorkuntza eta erabileraren artean.

Lotutako jokabideak:

  • Erakundeko pertsonen arteko eta erakundearen eta inguruko gizartearen arteko harremana hobetzen duten jokabideak identifikatu eta sustatu.
  • Ingurumen, giza eta gizarte baliabideak zaintzeko ekimenak egin.
  • Erne ibili gure erabakiek epe ertain eta luzerako aukerak zaindu ditzaten, etorkizuneko belaunaldiei begira.
     

Egiturak

Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateak barne egitura propioak ditu, nahiko era autonomoan funtzionatzen dutenak:
- 5 sail –bakoitzak bere arloa du– arduratzen dira irakaskuntzaz, batez ere Gradukoaz, eta Gradu horien jakintza arloekin lotutako ikerketaz.
 

Informazio gehiago
Ezkutatu informazioa
+-
  • Komunikazio Saila (Donostiako campusa)
  • Giza Zientzien eta Nazioarte Harremana Saila (Bilboko campusa) 
  • Hizkuntza Modernoen eta Euskal Gaien Saila (Bilboko campusa)
    - Hizkuntza Modernoen arloa
    - Euskal Gaien arloa
  • Gizarte Laneko eta Soziologiako Saila
    - Gizarte Laneko arloa (Bilboko campusa)
  • Gizarte Laneko arloa (Donostiako campusa)
  • Turismo Saila
    - Turismo Arloa (Bilboko campusa) 
    - Turismo arloa (Donostiako campusa)

 

 

 

 

 

 

 

 

 


Ikerrildoetako diziplina arteko ikerketa, jakintzaren transferentzia, etengabeko prestakuntza, eta graduondoko eta doktoregoko proiektuak sustatzen dituzten 4 unitate daude.
- “Pedro Arrupe” Giza Eskubideen Institutua
- Aisiazko Ikaskuntzen Institutua
- Euskal Gaien Institutua
- Etika Aplikatuko Zentroa

Hizkuntzetako unitate bat, prestakuntza espezializatuko 4 gunerekin:

- Hizkuntza Modernoen Ikastegia (Bilboko campusa)
- Hizkuntza Modernoen Ikastegia (Donostiako campusa)
- CIDE: Espainierako Nazioarteko Deustu Ikastegia
- Euskal Irakaslegoa 

Eskatu informazioa