Misioa
Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatea Deustuko Unibertsitateko ikastegi bat da eta bere helburua gizartearen eraldaketan, inklusioan eta justiziaren sustapenean ekarpena egitea da beste batzuekin batera, gizarte eta giza zientzien arloetan pertsonen goitik beherako prestakuntza, ikerketa eta transferentzia eginez.
Bereziki, hauek dira Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatearen berariazko helburuak:
- Gizarte eta giza zientzien jakintza transmititzea, pertsonak goitik behera prestatuz esparru horietan, gizartea alda dezaten beren lanbideetatik.
- Jakintzaren mugak zabaltzea gizarte eta giza zientzietako ikerketen bidez, modu arduratsu, diziplina ugariko eta kritikotik.
- Gizartearen eraldaketan eragitea, bizitzan zeharreko prestakuntzaren bidez eta ikerketaren transferentzia aplikatuaren bidez, gizarte, politika eta ekonomia arloetako eragile publiko eta pribatuekin batera.
- Kristau inspiraziotik eta inklusioaren baliotik abiatuta, kulturen edo identitateen arteko bizikidetza sustatzea askotariko gizarte honetan, fedearen eta kulturaren arteko eta erlijioen arteko elkarrizketa ere bultzatuz.
- Euskal kultura bereziki sustatzea, berton sustraituta eta mundu osora zabalik, eta bertoko errealitatearekin konprometiturik.
- Pertsonen elkarte bat osatzea, unibertsitateko zereginetan elkarlanean giza eskubideak sustatu eta munduan justiziaren alde lan egingo duena.
Ikuspena
Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatea ezaguna da bere bikaintasun akademikoagatik, justizia sozialarekin duen konpromisoagatik eta irakaskuntza, ikerketa eta transferentziaren bidez gizartea zerbitzatzeagatik; izan ere,
- fKritikoa da gizarte errealitatearekin, konprometituta dago aldaketa jasangarriarekin eta solidarioa da pertsona eta talderik behartsuenekin.
- Gizartearekiko konpromisoa du, hala inkulturazioa eta unibertsaltasuna, nola aniztasuna eta inklusioa baliotzat harturik.
- Irakaskuntza berritzailea bultzatzen du pertsonak ezagutza eta trebetasun sendoz garatu daitezen, beren prestakuntzaren ardura hartuta.
- Benetako eragina duten ikerrildo, ikertalde eta ikerketa proiektuak bultzatzen ditu, hots, gizarteak planteatzen dituen erronkei erantzuten dietenak.
- Unibertsitate- elkarte berritzaile eta sortzailea du, sustatzen dituen balioekin identifikatua eta beste unibertsitate eta erakunde publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzeko prest dagoena.
Balioak
Hauek dira Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatearen balioak:
- Konfiantza
- Berdintasuna
- Inklusioa
- Justizia soziala
- Elkartasuna
- Jasangarritasuna
Konfiantza
Konfiantza erakundeko edo elkarteko gainerako pertsonen jokabidea espero dena, zintzoa, gardena eta elkarlanekoa izango dela uste izatea da. Konfiantza esperientzia bat da eta pertsonen artean eta pertsonen eta gizarteko erakundeen artean dauden harremanetan garatzen da.
Lotutako jokabideak:
- Elkarrizketarako espazioak sortu, pertsonen arteko elkarreraginari bide emateko, konfiantza sortzeko eta elkarlana sustatzeko.
- Konfiantza handiagoa izan, elkarrizketa eta lankidetza errazteko.
- Elkarlanean eta modu gardenean kudeatu.
Berdintasuna
Berdintasunak esan nahi du bazterketarik ez egotea (legezko berdintasuna) ez ezik, posizio berdintasuna (aukerak eta baliabideak) eta parekotasuna (ekintza positiboa) egotea. Berdintasunak ez du homogeneotasunaren edo uniformetasunaren sinonimo izan behar, eta desberdinak garela onartzeak ezin du desberdintasuna justifikatu.
Lotutako jokabideak:
- Genero ikuspegia erakundearen prozesu guztietan txertatu: irakaskuntzan, ikerketan eta transferentzian.
- Eguneroko bizitza kudeatzeko baldintzak hobetu Fakultateko lan eta bizikidetza esparruan.
- Ekintza positiboko neurriak hartu, aukera berdintasuna eta posizio berdintasuna gogoan harturik.
Inklusioa
Inklusioa aniztasuna aitortzea eta errespetatzea da, partaidetza eta boterearen banaketa sustatzea. Aitortzea diogunean esan nahi dugu erakundeko prozesuetan zeresana duten pertsona eta talde guztiek parte hartu ahal izatea berdintasunez, norbere idiosinkrasia kontuan izanda eta idiosinkrasia horrek aintzat hartua izatea oztopatu gabe. Partaidetza diogunean esan nahi dugu taldeko prozesuetan bakoitzari bere ekimen eta erantzukizuna esleitzea. Eta boterearen banaketa diogunean esan nahi dugu pertsona guztiek behar adinako arreta jasotzen dutela eta entzuna dutela ziurtatzea.
Lotutako jokabideak:
- Bereziki zaindu kultura eta funtzio desberdinetako pertsonek eta taldeek parte har dezaten, partaidetza egiazkoa eta eraginkorra izan dadin bideak jarriz.
- Aniztasun funtzionala eta kulturala agerian jarri.
- Kultura eta funtzio desberdinetako pertsonak eta taldeak elkartzeko mekanismoak ezarri.
- "Gutxiagokeriako” edozein tratamendu saihestu.
- Hausnarketa partekatuan egin ikusteko zelan funtzionatzen duten eta zeintzuk diren bazterkeria sorrarazten duten pertsona, talde eta erakunde mailako mekanismoak.
Justizia Soziala
Justizia soziala gizarteko ondasunen banaketa zuzena lortzea da, pertsona guztien duintasuna eta gizarte kohesioa ziurtatzeko. Justizia sozialak esangura bikoitza du. Alde batetik, gizarte bizitzaren printzipio bat da, banakako ekintza eta Fakultatearen ekintza gidatzen dituena unibertsitateko elkartean. Bestetik, pertsonen izaeraren ezaugarri bat da, gainerako pertsonen duintasuna errespetatuz jardutea, hain zuzen ere.
Lotutako jokabideak:
- Giza eskubideez arduratu, batik bat oinarrizko askatasunak ahalbidetzen dituzten baldintza materialen bermeari dagokionez.
- Desberdintasunak zuzentzeko neurriak hartu (materialak eta aitortzakoak).
- Lankidetzako gizarte harremanak landu, batzuen irabaziak besteen bazterketan, diskriminazioan edo duintasuna behar adina ez aitortzean oinarritu ez daitezen
Elkartasuna
Elkartasuna agindu bat da, eta elkarteari eskatzen dio kalteberatasun eta desabantaila egoeran dauden gizabanako edo gizataldeen alde jarduteko, esku hartze kolektiboaren bidez, bidegabeko kalterik gerta ez dadin edo dagoeneko eginda dagoen kaltea luzatu edo errepika ez dadin. Elkartasuna pertsona guztien duintasunaren aitorpenean oinarritzen da.
Lotutako jokabideak:
- Enpatia eta hurbiltasuna bidegabekeria sufritzen dutenekiko.
- Egoera bidegabea aztertzeko gaitasuna (eragileak, erantzukizun maila, etab.).
- Gizarte harreman bidegabeak ez biderkatzeko edo ez mantentzeko jarduerak garatu.
Jasangarritasuna
Jasangarritasuna erakunde-ekosistema zaintzeari lotutako balio bat da, ekosistema hori kudeatzeko, bertan bizitzeko eta hura aldatzeko moduak denboran irautea ekar dezan eta etorkizuneko langile (irakasle-ikertzaile, ikertzaile eta AZL) eta ikasle belaunaldiei antzeko aukerak emateko gai izan dadin. Oreka lortu nahi du barneko ongizatearen, zerbitzatzen dugun gizartearen ongizatearen eta ongizate horiek ahalbidetzen dituzten baliabiabideen sorkuntza eta erabileraren artean.
Lotutako jokabideak:
- Erakundeko pertsonen arteko eta erakundearen eta inguruko gizartearen arteko harremana hobetzen duten jokabideak identifikatu eta sustatu.
- Ingurumen, giza eta gizarte baliabideak zaintzeko ekimenak egin.
- Erne ibili gure erabakiek epe ertain eta luzerako aukerak zaindu ditzaten, etorkizuneko belaunaldiei begira.